70 ikasle inguru bertaratu dira Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargoak, Emakumeak Zientzian ekimenaren baitan, antolatutako ‘Emakumeak Ingeniari’ jardunaldira

Donostia, otsailaren 14a. Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargoak ‘Emakumeak Ingeniari’ mahai-ingurua antolatu du Beasaingo Usurbe Antzokian, ikasleen artean ingeniaritzarekin lotutako ikasketekiko interesa pizteko eta Ingeniaritzaren sektorean diharduten emakumeen lana ikusarazteko helburuarekin.

Laida San Sebastian, Entrepeneurship Teknologiako koordinatzailea, izan da mahai-inguruaren moderatzailea. Bestetik, Aurea Inurrategi, Mondragon Unibertsitateko ikerlaria; Saioa Mujika, Mercanzan negozio-adimena; eta Maider Arana PhD ikaslea Lortek-en izan dira hizlariak. Ingeniaritza zertan datzan, onurak eta etorkizuneko erronkak konpontzeko duen garrantziari buruzko hitzaldia izan da: “Gure gizarteak laguntza behar du eta gure lana, ingeniari bezala, laguntza horretan parte hartzea da” aipatu du Mujikak. Bestalde, Inurrategiren esanetan, “etorkizuna eraikitzeko ingeniaritza parte hartzaile handia da. Ingeniari asko beharko ditugu etorkizunean”.

Ingeniaritzarekin lotutako ikasketak, etorkizuneko erronkak eta ingurumena ere izan ditu hizpide jardunaldiak. Honekin lotuta, “gure baliabideak mugatuak dira eta industrian gure ingurumena kontuan izan behar dugu; ekoteknologiak horretan garrantzi handia dauka” aipatu die Aranak ikasleei. Bestetik, San Sebastianen arabera, “ingenioa aplikatuz arazoak konpontzea da ingeniaritza; ez dago horrenbeste aukera eskainzen duen beste lanbiderik”.

Aurtengo ‘Emakumeak Ingeniari’ mahai-ingurua Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargoak antolatzen duen hirugarren urtea da. Lemniskata – Goierriko zientzia sare herrikoiarekin antolatutako jardunaldia da eta, aurten gainera, ASPEGIk eta Lortek-ek ere parte hartu dute kolaboratzaile gisa.

Ezagutzera eman:
X